Aitak faxismoa ezagutzen du bizi duenean

Standard

Basque translation of my original essay: https://elizabette.substack.com/p/my-father-knows-fascism-when-he-lives

Elizabette Guéçamburu: 2026ko urtarrilaren 20a

(Itzulpena: Xabier Irujo)

Aita jaio zen egunean, amona erditzen ari zela, soldadu naziak bortizki sartu ziren gure baserrira. Herriko jendea —gehienak emakumeak— etxetik sartzen eta irteten ikusteak susmo txarrak piztu zizkien, zerbait iluna gertatzen ari zela sinetsita; ez, ordea, emakume baten erditze batek dakarren joan-etorri zahar eta arrunt hori besterik ez zen. Ez zuten, ordea, aitonak ganbaran ezkutatua zuen irrati klandestinoaren berri. Goizaldeko lauretan BBCren emisioa entzuten zuen egunero, AEBetako eta aliatuen aurrerapenen berri jasotzeko; soldadu estatubatuar ausart haien kontakizunek okupazioaren iluntasunari kontrapuntu ezin hobea jartzen zioten. Aitona irrikan aritzen zen lapurtutako albiste apurrak auzokideei zabaltzen. Euskara erabiltzeagatik eta “bestelakotasunagatik” sarritan zigortuak, irainduak eta mespretxatuak izan arren, une hartan abantaila ere bazuen. Askoz errazagoa da informazioa nazi baten aurrean pasatzea hark esaten ari zarena ulertzen ez badu.

Horregatik, ez da harritzekoa orain, 84 urte geroago eta 6.000 milia haratago, aitak faxismoa berriz ere bizi duenean berehala ezagutzea.

Aita —seme-alabarik gazteena— jaio baino urte batzuk lehenago, amonak astoa hartu eta merkatura abiatu zen apirileko astelehen arrunt batean. Aste hartako hornidurak erosteko patrikan txanpon nahikoak izango ote zituen otoitzean zihoala, kezkatzen hasi zen Luftwaffeko burdinazko gurutze zorrotza zeramaten bonbardatzaile-eskuadroiak mendien gainetik baxu hegan igaro eta Hego Euskal Herrirantz oldartu zirenean. Une batzuk geroago, lurra dardarka hasi zen eta airea urrutiko eztandek astindu zuten. Egun hartan milaka euskaldun hil ziren. Eraso haiek 1936ko Gerraren testuinguruan euskal erresistentziaren aurkako mendekua izan ziren; diktadore espainiarrak eskualdea nazien esku utzi zuen, haiek tiro-praktikarako gogoz baitzeuden. Ke beltz eta zorrotz batek estali zituen muino eta haran berdeak, ahaztu eta ezkutatu ezinezko dolu batean. Hurrengo urteetan, euskaldun askok erregimenetik ihes egin zuten. Zorionekoenek Amerikara iristea lortu zuten; beste askok, berriz, oinez egin zuten ihes mendietan barrena, Iparraldera. Batzuk aitona-amonen baserriko atarira iritsi ziren, mugatik gertu, babes bila, janaria eta lo egiteko tokia lanaren truke eskainiz. Aitaren haurtzaroaren zati handi bat errefuxiatu horiekin igaro zen mahaiaren bueltan, haien istorioak entzunez, haien tristura sentituz —eta elkarrekin partekatzeko zuten janari bakarra barazki-zopa urtsuaren lapiko bat eta aurreko astean egindako ogi gogor eta zaharkituaren puska bat zela.

Aitak faxismoa ezagutzen du usaindu bezain laster.

Frantziako eta Espainiako gobernuek eragindako mendeetako bazterketa, diskriminazioa eta gerra ugarik utzitako hondamendi ekonomikoaren ondorioz, Amerikaren argiak aita bezalako euskal gazte asko erakarri zituen. Eta horrela ekin zion bideari, lan neketsua eta bakardade urteak ordainetan emanez, Kaliforniako artzaintza ustiategi bakartu batean aritzeko, Amerikara eramango zuen txartel bakarraren truke. Hain zen pobrea haren familia, Amerikara iritsi zenean, bidaiarako zeramatzan arropak etxera bidali behar izan zituen postaz, ez baitzuten jantzi bakar bat ere galtzerik. Urteen poderioz, aitak Amerikarekiko zuen maitasuna sakondu egin zen: askatasuna eta aukerak eman zizkion lekua zen… Ez zuen gauero gosetuta oheratu beharrik, zopa urtsu bat besterik hartu ondoren. Azkenean, harro lortu zuen hiritartasun estatubatuarra, negozio bat sortu zuen, ezkondu egin zen eta familia hasi. Baina inoiz ez zuen ahaztu nondik zetorren.

Aitak faxismoa ezagutzen du handik ihes egiten duenean.

Kontserbadore harroa, lan gogorraren, adeitasunaren, errespetuaren eta herritarren askatasunean esku hartzen ez duen gobernu baten aldekoa, aita errepublikarra izan zen bizitza osoan. Alaba ezintasun larri batekin izateak kontserbadurismo errukitsu baterantz bideratu zituen bere printzipioak —eta baita etorkin gisa lur ezezagun batean bizi izan zituen zailtasunek ere. Beti eutsi zien bere balioei eta Amerikaren ontasun geldiezinean zuen sinesmenari. Eta Amerikaren barruan, etorkinak ziren haren odol-bizia; langileek aukera zuzena eta tratu justua merezi zuten; eta herrialdearen aberastasuna beti erabili behar zen ahulenak zaintzeko. Bere iparrorratz morala zuzena zen —eta egiazkoa. Horregatik, noski, uste zuen Amerikaren printzipioek INOIZ ez zutela huts egingo. Pentsaezina zen. Ezinezkoa. Goizean eguzkia ez ateratzea bezain ezinezkoa.

Aitak faxismoa ezagutzen du ukitzen duenean.

Hasieran, aitak barre egin zuen eta mespretxuz baztertu zuen. Telebistako milionario pribilegiatu hura, politikari errepublikarra izan nahi zuena. Aita irakurria eta ongi informatua da, eta urteak zeramatzan pertsonaia ospetsu haren txorakeriak eta porrotak jarraitzen. Ez zegoen modurik, zioen, Amerikak sei aldiz porrotera eraman zituen negozioak zituen iruzurgile puztu baten hitzetan sinesteko. Pentsaezina zen halako gizon baten hitzak fidagarritzat jotzea, amuarrain baten antzeko aho batetik ateratzen zirenak —aita Sierra Nevadako ibaietan harrapatzea eta baratxuritan frijitzea maite zuen arraina, azala kurruskari eta gozo bihurtu arte. Amerika askoz ere azkarragoa zen halako gizon batean konfiantza izateko. Erabat sinetsita zegoen. Ideia horri eutsi zion duela hamar urteko azaroko gau hartara arte. Eta, ezinezkoa gertatu zenean, txundituta geratu zen. Baina oraindik ere Amerikarekiko fedea mantendu zuen. Azkenean, gizon zakar eta barregarri hura gaindituko genuen. Denbora kontua besterik ez zen. Aita pazientzia handiko pertsona da —badaki eguzkia eta zeru garbia itxoiten. Azken finean, hori zen artzain batek galdutako ardiak aurkitzeko unerik onena.

Aitak faxismoa ezagutzen du entzuten duenean.

Lau urte geroago, urtarrileko egun hotz hartan, aitak ikaraturik begiratu zuen nola jende mordo bortitz batek Estatu Batuetako kapitolioaren hormak igotzen zituen, galdutako presidente baten izena zeramaten banderak astinduz. Gaiztoak, haserretuak eta beren burua eskubidedun sentitzen zutenak, poliziak jo zituzten, hautetsien aurka urkamendiak prestatzen saiatu ziren, eta kongresuko aretoak gernuz eta gorozkiz profanatu zituzten. Aitarentzat, okerrena zer izan zen? Amerikako herritar horiek presidenteak berak elikatutako gezurretan murgilduta zeudela, bere aginduak beteko zituzten matoiak behar zituen boterean jarraitzeko eta historia berridazteko. Guztia bere onura ekonomiko hutserako. Aitaren buruan, hori izan zen Amerikaren azken traizioa. Espainiako generalisimo baten, bibotedun austriar baten eta bere burua enperadoretzat zuen korsikar txiki baten kontua zen hura. Aitak maite zuen herrialdeak EZ zuen inoiz hori onartuko. EZ dago modurik hori ahazteko. Ez bere Amerika.

Aitak faxismoa ezagutzen du ikusten duenean.

Baina asteak eta hilabeteak igaro ahala, oroitzapenak pixkanaka lausotzen hasi ziren. Milioidunek programatutako algoritmoek gure pantailak bete zituzten. Elite haiek gure menpekotasuna behar zuten, errudun ordezkoak behar zituzten estatubatuar arrunt eta zintzoak distraituta mantentzeko, Urrezko Aroko ustelkeria eta desberdintasunak saihesteko ezarritako babes-hesiak isilpean desmuntatzen zituzten bitartean. Eta presidente galtzailean, eterretik berriz arrastaka itzultzeko etsita zegoen hartan, boterea berreskuratzeko bidea ikusi zuten. Etorkinen errua da, oihukatzen zuten algoritmoek. Komunak erabiltzen eta kiroletan aritzen diren pertsona transen errua da. Medicaid-en daudenek gure zerga-diruak alferrik xahutzearen errua da. Aitak zarata hori guztia zeharkatu zuen. Joko-liburu ezaguna zen. Jendeari beldurra emateko norbait eta errua botatzeko norbait emanez gero, ia edozer onar dezaten lor daiteke. Pikutara egia. Hala, bere Errepublikano Alderdi maitea leku ilun batera amiltzen hasten zela ikusita, aitak erabaki bat hartu zuen. Alderdia utzi zuen. Independente bihurtu zen.

Aitak faxismoa ezagutzen du irakurtzen duenean.

Hala eta guztiz ere, aitak itxaropena mantendu zuen Amerikarekiko. Sinesten zuen azaro hartako egun berrian, nolabait, arrazoia nagusituko zela. Horrela izan ez zenean, ez dut inoiz ahaztuko haren begietako tristura. Traizioa. Hainbeste maite zuen herrialdeak huts egin zion. Horregatik, gero isilpean negar egin nuenean, ez nuen neure buruagatik egin. Harengatik egin nuen negar. Izan ere, aita bezalako gizon batek Amerikaren aldetik huts egitea bizi izan bazuen, gu guztiok oso bide oker batetik gindoazen seinale zen.

Aitak faxismoa ezagutzen du beldurra ematen dionean.

Arrazoia eta zuhurtzia mespretxatu dituzten politika eta agindu bakoitzarekin, aitaren nazka handitu egin da. Etorkinak, bera bezalakoak, kaleetan jazartzen eta mehatxatzen ikustean. Langile gogorrak, duela berrogeita hamar urte baino gehiago berari eskaini zitzaion hiritartasunerako bide legal bera ukatzen zaienean. Pobreak eta desgaitasuna dutenak babesten dituzten programak murrizten diren bitartean, milioidunek zerga-salbuespenak eta botere eta baliabideetarako sarbide mugagabea erosten dituztenean. Aitak burua astindu zuen Medicaid/Medicare iruzurgileak, milioidun zerga-iheslariak, korporazioetako iruzurgileak, kanpaina-emaile aberatsak eta narkotrafikatzaile presidente atzerritarrak barkatuak izan zirela ikusita. Eraikin historikoak eraitsiak ikusi zituen, eta zuzenbide estatua eta botere legegilearen independentzia bazterrean utziak. Ikusi zuen programak eta oroigarriak berrizendatzen zirela, urte gutxi batzuk lehenago gobernua iraultzen saiatu zen gizonaren izenean. Aita sabelean gaixotu zen matxinada bortitz bereko kide haiek askatuak izan zirenean, haien krimenak ezabatuta— etorkizuneko ustelkeria eta anabasa beren buruzagiaren izenean berriro erabiltzeko bidea zabalduz. Eta izutu egin zen Groenlandia hartzeko mehatxua egin genuenean, gure gertuko aliatuak beldurtuz eta Amerikak munduan zuen errespetua are gehiago higatuz.

Aitak faxismoa ezagutzen du aurkitzen duenean.

Eta orain, aitak hitz egiten duenean, ingurukoei ohartarazten dienean, liluratuegiak daude egia entzuteko. Ez dute aitortzen haren irizpide zuhurra eta bizitzan pilatutako esperientziaren balioa. Telebista-kateek, oihartzun-ganberek eta algoritmoek haren hitzak baztertzera bultzatzen dituzte— haren azentu sendoak, haren etorkin izaeraren “bestelakotasunak”, are errazago bihurtzen dute entzungor egitea. Zer ote daki, bada, ingeles apurtua duen gizon honek ezertaz? Eta urte askotan lehen aldiz, berriro ere arrotz sentiarazten dute bere herrialde propioan.

Aitak faxismoa ezagutzen du sentitzen duenean.

Non uzten gaitu horrek? Nola konpondu gaiztakeriak ireki dituen arrakala sakonak? Nola berreskuratu errukia eta errespetua, eta nola kanporatu pozoizko usteldura, berandu izan baino lehen? Nola berreskuratu geure burua aitaren begietan? Nola izan berriz ere munduan itxaropenaren argi izan zen Amerika hura? Izan ere, itsasargi hori ahuldu egin da. Atzerrian ditugun senideek izuturik begiratzen diote gure herrialdearen egoerari, eta etengabe galdetzen digute— nola utzi genuen hau gertatzen? Amerikak askatasuna ekarri zien askori; nola galdu gara horrenbeste orain? Aitaren erantzuna tristea da, baina sinplea eta egiazkoa: oso ongi dakigu nola gertatzen den, historiak berak erakusten digulako. Xehetasunak eta hizkuntzak alda daitezke, baina muina bera da beti. Eta oraingoan, nor izango da gu salbatuko gaituena, geure burua salbatzeko gai ez bagara?

Aitak faxismoa ezagutzen du bizi duenean.

3 thoughts on “Aitak faxismoa ezagutzen du bizi duenean

Leave a reply to beorgaliak Cancel reply